Hemen da Gazte Topagunea, askatasun bulkadak independentziara!

- -
- -
- -

Arratsaldeon guztioi, gaur hemen elkartu gara Gazte Topaguneko antolakuntza lanetan gabiltzan kideak, Gazte Antolakundeko kide eta kide ohiak eta Ezker Abertzaleko hainbat lagun.

Hiru hilabete igaro dira Lemoan aurtengo Gazte Topagunea, Askatasun Bulkadak Independentziara! Aurkeztu genuenetik. Hiru hilabeteak ez dira alferrik igaro ordea, auzolanean herria atontzen ibili gara, baita egitarau politiko-kulturala eta eskaintza musikala lotzen ere. Eta, jadanik eskuartean dugu Lemoako herria hiru egunez horren berezi bihurtuko duen egitaraua. 25 egun besterik ez dira geratzen Lemoa milaka gazte bulkadez betetzeko eta zinez, irrikitan gaude Gazte Topagunea ailegatzeko.

Ezker Abertzaleko lehenengo Gazte Antolakundea sortu zenetik 40 urte igaro dira. 40 urteren ondoren, Euskal Herriaren fase politiko berrian lanean jarraitzea dagokigu eta horretarako ezinbestekoak dira gazte bulkadak. Urteurren honen harira Bulkada Berrien Garaia Da! Dinamika martxan jarri genuen, eta Gazte Topagunea leku aproposa iruditzen zaigu egindakoa bildu, eta lanean jarraitzeko indarrak biltzeko. Gure herri eta auzoetan eguneroko borroka eta lanaren bidez, independentzia zerumuga Euskal Herria eraikitzen ari garenon topaleku izango da Lemoa eta bidelagun izango zaituztegu. Proiektu politiko berak elkartzen gaitu, eta Gazte Topagunea bera gure helburuak betetzeko beste urrats bat bezala ulertzen dugu. Euskal Herri osoko gazteak elkartuko gara bertan, eta bulkada horiek biderkatu eta berriro ere gure herri eta auzoetan lanean jarraitzeko indar bilakatuko dugu.

Egitarau oparoa dugu, 50 mahaingurutik gora antolatu ditugu eta oraindik ere proposamenak jasotzen jarraitzen dugu hitzaldi eta formakuntza ezberdinak egiteko, baina tamalez lau egun besterik ez ditu Gazte Topaguneak eta guztia ezin barnebildu. Hala ere, gogoratu gure egunerokotasunean baduela parada formakuntzak. Txalotzekoa da antolakuntza egiten ari den lan guztia formakuntza saioak eta eduki politikoa osatzeko. Euskal Herriko borroka ezberdinak ekarriko ditugu lehen lerrora, baita horien inguruan eraikitzen ari garen alternatibak ere. Euskal Herrian egun irekita dauden eztabaiden topaleku izango da: feminismoa, burujabetza, gazte boterea, herri eredua, langile borroka, prozesu independentista, nafar aldaketa, sexualitatea… Internazionalismoak ere pisu berezia izango du aurtengoan, herrialde ezberdinetako delegaritzak etorriko baitira hitzaldiak ematera eta esperientzia ahaztezin hau gurekin bizitzera. Besteak beste, Blanca Eekhout Venezuelako Gobernuko kidea, Jordi Borras fotokazetari ezaguna, Camilo Cejas Uruguaiko herritar parte hartze mugimenduko kidea, eta nola ez borroka internazionalistan bidelagun ditugun munduko Gazte Antolakunde iraultzaileak: Kurdistandik, Norbegiatik, Venezuelatik, El Salvadorretik eta Espainiar estatuak zapaldutako nazioetatik: Aragoi, Gaztela, Andaluzia, Katalunia, Galizia…

Musikak ere izango du bere tartea; eta jada iragarriak dauden 50etik gora musika talde igoko dira Lemoako oholtza ezberdinetara. Euskal Herritik Gatibu, Su ta Gar, Hesian, Fermin Muguruza eta Deskontrol, Soziedad Alkoholika, Koma, Huntza eta askoz gehiago. Eta ez da faltako aurtengo abestia egin duen Eskean Kristö taldea. Munduko txoko ezberdinetako taldeak ere izango ditugu: Zoo, Banda Bassotti, Rude Pride, Ira, Ana Tijoux, Zoo, Tribade, eta Skarra Mucci esate baterako. Zerrenda luzea bada ere, oraindik sorpresa berezi bat badugu; gazte guztiontzat berezia izango da talde honek Topagunean jotzea, baita beraientzat ere; hurrengo egunetan emango dugu honen berri.

Aurtengoan, gazte sortzaileen plaza izango da berritasunetako bat. Euskal Herrian disziplina ezberdinetan hamaika gazte dabiltza beren proiektuak sorkuntzaren bidetik eraikitzen. Eta ezinbestekoak dira herri aske baten eraikuntzan. Gazte Sortzaileon Plaza Euskal Herrian sorkuntzatik datozen bulkada berrien erakusgarri izan asmoz sortu da.Sorkuntza badelako kulturaren oinarri, eta Euskal Herria nekez eraikiko dugulako gazteon kultura bulkadarik gabe.

Plazara atera nahi dugu gazteok sorkuntzatik egiten dugun lana: banaka zein taldeka idazten duten gazteena, bertsolaritzara batzen diren belaunaldi berriena, musika taldea sortu berri duten gazteena edo ospearen fokoetatik kanpo, gaztetxez gaztetxe, kontzertuak ematen dituztenena. Bertan izango dugu serigrafia tailerra, Doinuan buruan eta ibili munduan bertsotrama, musika mota ezberdinetako kontzertuak eta berauek ikasteko tailerrak, gazte ekimena… a ze krimena! Antzezlana eta askoz gehiago.

Ikuskizun eta tailerrez gain, nork bere eremuan ematen dituen eztabaida eta hausnarketen topagune izatea ere nahi dugu: zer da euskal kultura? osasuntsu dago? zein nolako lotura du herri mugimenduekin? gazte sortzaileok zein paper dugu bertan? Sorkuntzatik mundu gris honen mugetatik harago goaz, ametsak gorpuzteko balio du, eta askatasun bulkada bilakatu daiteke.

Gazte Topagunea bere osotasunean ulertzen badugu ere, egun bakoitzak izango du berezitasunik. Ostiralean, apirilak 19an, presoen nazioarteko egunaren harira Kalera Kalera dinamikak ekitaldi nazionala egingo du Lemoan. Larunbatean, dei berezia egiten dugu Bulkadak Gara ekitaldi politiko nagusira bertaratzeko. Igandean, Errautsetatik askatasunera ekitaldia egingo dugu.

Baina, eskaintza musikal eta egitarau politiko eta kulturalaz haratago doa Gazte Topagunea, lau eguneko esperientzia da, bere osotasunean bizi beharreko esperientzia. Akanpalekuko lokatzetatik hasi, mahainguruetako edukiak zeharkatu eta kontzertuetako azken topararte. Aukera ezin hobe hau ez galtzeko lau egunetako bonoez gain eguneko sarrerak ere jada salgai daude Gasteizen, Iruñean, Donostian, Bilbon, Baionan, Arrasaten, Durangon eta Igorren; baita gaztetopagunea.eus webgunean ere. Lau egunetako bonoak herrietako ohiko tokietan daude.

Aurtengoan ere hamaika zerbitzu izango ditugu eskuragarri: arropa denda, irratia, liburuen azoka, gosariak, tiketera, dutxa ur beroarekin, botikina, komunak, bokatak, jantokia eguneko platerarekin, edarien eskaintza, kotxeen parkina eta baita furgonetena ere. Zerbitzu eta gune guztietan, nola ez, zero zabor filosofia hartuko dugu oinarri. Bestalde, ez da inolako eraso sexista, arrazista edota xenofoborik onartuko eta hauei guztiei erantzun irmo bat emateko protokolo sendo bat dago martxan.

Bukatu baino lehen, gaur hemendik, Lemoako herriari gure eskerrik beroenak helarazi nahi dizkiogu. Izugarria izan da egin diguten harrera eta erakusten ari diren prestutasuna. Herria atontzen, beharrizan guztiak asetzen eta etengabeko elkarlanean guztia prestatzen egiten ari diren lana sekulakoa da. Mila esker lemoztar eta Arratialdeko lagun guztiei; zuek gabe hau ezinezkoa litzateke. Hala ere, Euskal Herrian errotuta dagoen praktika da auzolana, eta ohikoa da gure bizitza eta jardunean auzolana lanean egin eta ekitea. Horregatik, lurralde guztietako 150 gazte baino gehiago prest gaude datozen asteetan dudarik gabe historikoa izango den Topagune honen muntaiari ekiteko. Nola ez, Topaguneak irauten duen bitartean milaka izango gara ekimenak eskatzen duen antolakuntza, koordinazio eta txanda lanetan arituko garenak.

25 egun geratzen dira, gu prest gaude. Gaur, hemen bildu garen guztiok ez dugu aurtengo Gazte Topagunea galduko, bertan izango gara eta apirilaren 19,20,21 eta 22an bertaratzeko deia egiten diogu inoiz Gazte Topagunearen parte izan den horri, lehen aldiz esperientzia izugarri hau bizi nahi duen horri, jadanik urteroko ohitura bailitzan bertaratzen den horri… Baina garrantzitsuena zu zara, askatasun bulkada berria. Euskal Herria independentziara eramango duen gazte belaunaldia Lemoan elkartuko da eta ezin duzu galdu.

Gora euskal gazteria!
Askatasun bulkadak independentziara! Ernai eta Aitzina Gazte Antolakundeak. 2019ko martxoan